THE PEPPER POTS

THE PEPPER POTS-elkarrizketa

THE PEPPER POTS. 60. hamarkadaren izpilu. 

Askotan galdetu diogu gure buruari zergatik ote dugun musika beltzarekiko horrelako zaletasuna. Nola da posible horren urruti sortu den musika eta kulturalki ere, hasiera batean, horren desberdina dena, horrenbeste gustatzea. Gaixotasuna izango ote? Gu bezalako “gaixo” gehiago dagoela jakiteak lasaitzen gaitu, gutxi badira ere. The Pepper Pots taldeko kideei gaixotasun hori, itxuran ere nabari zaie, musika beltzaren zaletu amorratuak izateaz gain, 60. hamarkadako estetika mantentzen dutelako. Lurtarrak ote? 


Entzun! Gure artean nahiko ezezagunak izanda ere, diskoa entzunda argi geratzen da ez zaretela hasi berriak. Noiz hasi zineten eta zer nolako esperientzia izan duzue orain arte. 

Gerard: Duela hiru urte, musika beltza lantzen zuten hainbat taldeetako lagunak elkartu eta Pepper Pots taldea osatzea erabaki genuen. Urte hauetan, taldean hainbat aldaketa eman dira, horrenbeste partaide dituen taldeetan ohikoa denez eta orain, taldea finkatu dugula diskoa kaleratu dugu. Gure musika, 60. hamarkadako musika beltzean oinarrituta dago, bereziki, jamaikako reggae, ska eta rocksteady estiloetan. Urte hauetan kontzertu mordoa eskaini dugu eta horrek, gure soinua zehazten asko lagundu digu. Zuzenekoetan, jamaikar musikaz gain soula ere lantzen dugu eta hainbat bertsio egiten ditugu, Sam Cooke e.a. Behin gure burua kokatu dugula diskoaren txanda iritsi da. 

E! Lagun asko zarete taldean. Zaila izango da entsaioetarako zita jartzea. Nola egiten duzue profesionaltasunetik kanpo taldea mantentzea. 

G: Zaila da. Taldean hamabi lagun biltzen gara eta entsaio eta kontzertuetan guztiak biltzea aski zaila da. Hala ere, nola edo hala, aurrera egiten dugu eta egia esan, taldeko bi partaide musikaren profesionalak dira eta horrek asko laguntzen du. 

E! Nola sortzen da diskoa grabatzeko aukera. Jamaikar musikak ez dauka arrakasta komertzial handia eta gutxi dira estatu mailan, horrelako musikak kaleratzen dituzten diskoetxeak. 

G: Diskoa taldeko partaideen lanari esker kaleratu da. Kontzertuetan lortutako diru apurrari esker grabatu dugu diskoa eta Brixton diskoetxearen laguntzarekin kaleratzen dugu orain. Produkzioaren ardura taldeko baxulariak egin du eta grabazioa Torelloko DoctR´nRíc estudioetan egin dugu. 

E!: Nola izan da grabazio prozesua? 

G: Diskoaren grabazioa luzea izan da, beti ere, gure ahalmen ekonomikoaren arabera. Hau da, dirua lortzen genuen heinean, grabatzen joaten ginen. Lehenik eta behin, base erritmikoa grabatu genuen, geroago arregloak eta azkenik ahotsak. Ondoren nahasketak, masterizazioa eta diseinua. Guztira ia urtebete eman dugu diskoa grabatzen. 


E!: Normalean taldeek denbora laburrean grabatu behar dute eta horretaz kexu dira, zuek denbora asko izan duzue baina hori ere ez dakit oso ona den. 

G: Alde ona eta txarrak ditu. Denbora gehiago duzu gauzak pentsatzeko baina era berean taldea garatzen doa eta duela sei hilabete grabatutako kantua zaharkituta dagoela pentsa dezakezu eta aldaketak egiteko gogoa sortzen zaizu. Arriskutsua da hori. Azkenean diskoan entzun daitekeena eta diskoa aurkezteko ematen dituzun kontzertuetan entzuten dena oso desberdina izan daiteke. 

E!: Jamaikar musika egiten duten talde askok garai hartako soinua bilatu eta lortzeko zailtasunak dituzte. Zuen diskoa entzunda berriz oso soinu jamaikarra lortu duzuela esan daiteke. Nola egin duzue? 

G: Garrantzi handia eman diogu soinu berezi hori lortzeari eta horregatik erabiltzen ditugun soinu tresna eta aparailu gehienak 60. hamarkadakoak dira. Grabazioa analogikoa izan da eta ahotsak guztiak batera, toma bakarrean grabatuak daude. Soinu teknikariak ere lan handia egin du. 

E!: Ahotsak aipatu dituzu eta azpimarratzekoa da abeslariek egin duten lana. Oso zaila da jamaikarren ahots nahasketa horiek lortzea eta zuen diskoan, maila altuko koroak daude. 

G: Egia esan, lan handia egin dute eta abeslariek ordu asko sartu dituzte ahotsa lantzen. Emaitza diskoan atzeman daiteke eta baita zuzenekoetan ere. 

 


E!: Jamaikar soinua lortzeko helburu horren barruan kokatu behar dugu kantuak katalanez beharrean, ingelesez egotea? 

G: Bai. Guk entzuten dugun eta gustatzen zaigun musika ingelesez dago eta 60. hamarkadan egindako jamaikar musika egin nahi baduzu ingelesez egin behar duzu. Katalanera da gure ama hizkuntza eta hori da egunero, lan egiteko, jendearekin komunikatzeko eta orohar bizitzeko erabiltzen dugun hizkuntza. 

E!: Hizkuntzarekin lotuta letren edukia dago. Garaiko musikaren topikoa maitasun kantuak dira, eguzkia, hondartzak, ea. Topiko horrekin jarraitzen duzue ala ez? 

G: Gure letretan maitasuna da nagusi. Maitasunaz egin dugu diskoa eta mezu hori zabaltzen dugu. Letretan ez dituzu gai politikoak edo iraultzaileak aurkituko. 



www.thepepperpots.com